Berriak

2018-01-12

Asteburuko atarikoa: urtarrilak 13 eta 14

Jardunaldi mardula izango dute ZASTeko taldeek. EBA ligako bigarren itzuliari ekingo dio Ulacia Grupok Aritzbatalden. Kadete neskek eta junior mutilek, berriz, Euskal Ligarako txartela lortzeko lauko finalak izango dituzte asteburuan.

Ibilbide guztiz desberdina duten bi talde izango dira aurrez aurre igande honetan Aritzbatalden, 18:30ean hasita. Ulacia Grupok Megacalzado Ardoi hartuko du. Bi taldeek bolada txarra daramate ligan, nafarrek 4 partida galdu dituzte jarraian eta zarauztarrek 5.

Bien artean garaipen bakarreko aldea badago ere, talde indartsua du Ardoik. Bosteko paregabea dute: Zabalo, Urtasun eta Campos kanpotik eta Savitski eta Zabaleta barrutik. Gainerako jokalariek ere ekarpen ona egiten duten arren, bostekoak du pisu gehien taldean. Aurreko urteetatik mantentzen ditu Ardoik Savitski, Zabaleta eta Urtasun. Hiruek ere min handia egiteko gaitasuna dute eta ezagunak dira EBA ligan. Zabalo, bestalde, aurreko bi denboraldietan Nafarroako lehen taldean aritu da LEB kategoriatan.

Duela bi urte igoera fasea jokatu zuen Ardoik liga irabazi eta gero, eta, iaz, bosgarrenak izan ziren sailkapenean. Aurten beren ohiko tokitatik urrun dauden arren, ziur irabazteko grina handiarekin etorriko direla. Dena dela, zarauztarrek joanekoan erakutsi zuten talde honen aurka lehiatu daitekeela eta ziur gogotik saiatuko direla garaipena etxean uzten.

Gogor saiatuko dira baita kadete neskak eta junior mutilak Euskal Ligarako igoera fasean txartela eskuratzeko. Mutilak izango dira jokatzen lehenak, 16:00etan, Benta Berri kiroldegian. Parean TAKE Burruntzi Erretegia izango dute. Irabaziz gero, finala igandean jokatuko lukete, Pio Baroja kiroldegian, 12:00etan, Easo eta Añorgaren arteko partidako irabazlearen aurka.

Kadete neskek, bestalde, 20:00etan jokatuko dute Easo Menditxu taldearen kontra Bidebietan. Garaipena garesti egon arren, beren lana txukun egiteko asmotan dira Borja Valorren neskak. Irabaziko balute, finala igande eguerdian, Bidebietan izango da, Eskoriatza edo Cafés Aitona Askatuaken kontra.

Bukatzeko, beste hiru partida aipatu behar. Batetik, lauko finalerako bidean dauden errendimenduko infantil nesken norgehiagoka daukagu. Hondarribian jokatuko dute beren lehia eta lauko finalera begira aurkari zuzena dute. Partida irabazteak, hartara, garrantzia du. Antzeko egoeran daude Orioko infantil txiki neskak. Bi partida izango dituzte asteburuan eta biak irabaztea garrantzitsua dela irizten dio Lourdes Sarasua entrenatzaileak. Bukatzeko, beren kategoriako azken multzoa ekidin nahian daude Pablo Elolaren partaidetzeko kadete neskak. Antonianotan jokatuko dute beren partida Ostadarren kontra.

Zorterik onena denentzat!