Berriak

2017-12-18

Emaitzak emaitza, ilusiorik galdu gabe

Santurtzin jasandako porrotak ez die lanerako gogorik kendu Ulacia Grupoko mutilei. Gabonetako atsedenaren ostean, urtarrilaren 7an jokatuko dute datorren partida, Aritzbatalden, Universidad de Burgosen kontra.

Santurtzira egindako bisitetan gauza jakina da partida irabazteko asko borrokatu behar izaten dela. Gauzak horrela buru-belarri ekin zion Ulacia Grupok larunbateko norgehiagokari.

Lehen laurdena aurretik bukatu zuten zarauztarrek, nahiz eta markagailua puntu gutxikoa izan zen, 11-13. Defentsak erasoen gainetik izan ziren laurdenean. Bigarrenean, ordea, Santurtzik beren jokoa gailentzen jakin zuen. Hala ere partidan sartuta jarraitzen zuten Iñaki Jimenezenek eta 31-29 joan ziren aldagelara.

Hirugarren laurdenean gauzak antzerako jarraitu zuten, estu beneta. Baina, markagailuan 45-41ekoa zegoela, Alex Sayalerori bere burua lurrera bota izana egotzita falta teknikoa adierazi zioten. Ez zuten asmatu jaurtiketa librean, baina hirukoa saskiratu zuen Santurtzik. Hurrengo erasoan zarauztarrek berriz ere kale egin zuten eta moreek beste hiruko batekin tartea 10 puntura zabaldu zuten. Xabier Osak erantzuna eman zien, ordea, eta laurdena 51-44 bukatu zen etxekoen alde.

Hortik aurrera Ulacia Grupoko mutilek burua galdu eta ahazteko moduko laurdena jokatu zuten 16-2ko partziala jaso zutelarik. Bukaeran 67-46 bizkaitarrak garaile.

Hemen partidako ESTATISTIKA.

Gabonetako atsedena izango dute orain EBA ligan eta urtarrilaren 7an izango da datorren jardunaldia. Zarauztarrek Universidad de Burgos hartuko dute Aritzbatalden. Ea turroiak urte berria sasoian hasteko indarra ematen dien!