Berriak

2017-11-28

Etxean sendo, kanpoan irabazi nahian

Garaipenaren bidean sendo eusten dio etxean Ulacia Grupok. Igandekoarekin laugarrena eskuratu dute jarraian. Orain kanpoko lehena eskuratzea desio dute Iñaki Jimenezenek, aurrera begira indar asko emango lieken garaipena.

Jende ugari zegoen Aritzbataldeko harmailan igande arratsaldean, eta, egia esan, partidak merezi zuen. Ikusmin handia piztu zuen norgehiagoka zen Ulacia Grupo eta Mondragon Unibertsitatearen artekoa.

Bi taldeek garaipenaren gosea zuten, bientzat ere oso garrantzitsua zelako pareko taldearen aurka irabaztea denboraldiak izango duen norabidea ikusita. Partida txukun hasi zuten zarauztarrek, intentsitate handiko minutuak jokatuz, 18-14ko lehen partziala eskuratuta. Baina Arrasateko taldeak defentsako lana hobetu eta atsedenaldira aurretik joatea lortu zuten, 29-30 kanpokoen alde.

Bigarren zatia ordea bestelakoa izan zen. Joko eder eta alaia erakutsi zuten Ulacia Grupoko mutilek. Kanpoko jaurtiketan asmatzen ez zuten arren, sekulako ekarpena egin zuen Aitzol Eguzkiza pibotak, partida amaieran MVPa izango zenak, bigarren erdian 21 puntu saskiratuta.

Atzean lan ona egin zuten baloi ugari lapurtuz eta korrika egiteko abaguneak ongi baliatuz eta horrek saria ekarri zien zarauztarrei. Errebotean sekulako aldea izan zen, erasoan 18 hartzeraino. Hirugarren eta laugarren laurdenetan 28 eta 25 puntu sartu zituzten hurrenez hurren. Dena dela, 28-15eko partzialaren ostean azken laurdenean 12 puntuko abantailarekin sartu baziren ere, Mondragon Unibertsitatekoek ez zuten amore eman.

Berriz ere 5 punturaino gerturatzea lortu zuten etxekoen akatsak baliatuz, baina aurretik egindako joko bizkor eta eraginkorrera itzuli zirenean garaipena etxean uztea lortu zuten Iñaki Jimenezenek. Bukaeran 82-66 eta itzulerako partidari begira abantaila ezinhobea zarauztarrentzat.

Orain Eguesibarrera joango dira, hango taldeari irabazteko asmotan. Talde nafarrak garaipen bat gutxiago du eta aurkari zuzena da. Etxetik kanpora egin dituzten partida onak ikusita, lan horri jarraipena eman eta urrun eskuratutako lehen garaipena eskuratu nahi dute zarauztarrek igande honetan. Dagoeneko horretan ari dira burubelarri lanean.

Partida osteko adierazpenak (egin klik irudian)

Hemen partidako estatistikak.