Berriak

2017-11-24

Aurkari zuzenei, begietara begira

Mondragon Unibertsitatea izango da bisitari asteburu honetan Aritzbatalde kiroldegian. Partida gogoangarriak jokatu dituzte zarauztarrek eta arrasatearrek elkarren aurka. Igandekoa ere halakoa aurreikusten da.

Garaipen bateko aldea baino ez dute sailkapenean Ulacia Grupok eta Mondragon Unibertsitateak. Puntu kopuru antzekoa sartu dute bataz bete bi taldeek, baina zarauztarrak 6. defentsa onena dira ligan. Ala, igandean moreen aurka, beste behin, defentsako lan ona egitea garrantzitsua izango da.

Zarauztarrek Pielagosen aurka partida txukuna jokatu zuten aurreko iganden Renedon. Goiko postuetan dabiltzan taldeen aurka partida onak egin dituzte eta ez dute diferentzia askogatik galdu. Hala, beren ligan daudenen kontra etxean garaipenak eskuratu dituzte Iñaki Jimenezen mutilek.

Mondragon Unibertsitatea eta Ulacia Grupo maila mantentzeko borrokan ibiliko diren multzoko taldeak dira. Aurreko asteburuan, Arrasaten bi puntuz galdu zuten MUkoak Valle de Eguesen kontra. Partida nahiko txarra egin zuten, ohikoa baino askoz ere hiruko gutxiago sartuz.

Izan ere Aritzbatalden hiruko festa ederrak egin izan dituzte Arrasateko mutilek, eta, ondorioz, atentzio berezia jarri beharko zaie beren jaurtitzaleei. Gainera, aurreko asteburutik Iker Barbero etxeko jokalaria berriz ere taldean dute eta lehen partidatik bere maila erakutsi zuen 16 puntu eta 8 erreboterekin. Taldeari Justin Satchell pibot amerikarra ere gehitu behar zaio, min hartuta izan bada ere, badirudi Zarautzen jokatzeko moduan izango dela.

Partida igandean, 18:30ean, izango da Aritzbatalden. Lehia bizia, estua eta garrantzitsua izango da bertan jokatuko dena. Ea garaipena etxean geratzen den.

Bukatzeko, errendimenduko infantil neskek ere garrantzia handiko partida jokatuko dute Azkoitian Elliku Dietetika ISBren aurrean. F4ra sartzeko bidean aurkari zuzena da talde azpeitiarra. Partidu zaila eta gogorra espero du Jokin Zulaika entrenatzaileak hasiera batean, baina beren lana ondo eginez gero, aukera izango dute garaipena eskuratzeko.