Berriak

2017-11-13

Aritzbatalden hirugarrena erreskadan

Garaipen garrantzitsua eskuratu zuen atzo Ulacia Grupok Gimnástica Sport-Café taldearen aurrean. Partida dibertigarria ikusi ahal izan zuten atzo kiroldegira gerturatu zirenek.

 

Zaletuak tentsioan mantentzen abilak dira Ulacia Grupoko jokalariak, eta, atzo, beste behin, hori erakutsi ziguten Aritzbatalden. Partidan ez zuten nahi bezain ongi ekin etxekoek eta lehen saskiraketa sartzen kostatu egin zitzaien. Gimnastica 0-6 hasi zen baina 8-6 izateraino irauli zuten markagailua Iñaki Jimenezen mutilek.

Orokorrean joko alaia erakutsi zuten atzo zarauztarrek eta saskiratze dotoreak ikusi ahal izan genituen, tartean, Julen Egañak egindako alley-oop bat lehen zatian. Baina kantabriarrak ez ziren denbora pasan etorri eta lehenengo bi laurdenetan eskarmentua duen taldea zela erakutsi zuten. Dena dela, zarauztarrek txukun eutsi zieten eta 34-27 joan ziren aldagelara lehen bi partzialak irabazi ostean.

Hirugarren laurdenean serio demonio irten ziren berriz ere kantxara zarauztarrak. Defentsa onak eta kontraeraso azkarrak tartekatuz, 25-13ko partziala sartu eta 19 puntuko abantailarekin sartu ziren laugarren laurdenean.

Baina tentsioa uneoro mantendu beharra dago liga honetan eta ezin da akatsik egin. Hala, konturatzerako 10 punturaino gerturatu ziren Torrelavegako gizonak. Dena dela, oasitik basamortura eraman zituzten berriz ere kantabriarrak zarauztarrek. Eta, azken laurdenean 17-19 galdu arren, bukaeran 17 puntuko abantailarekin gailendu ziren ZASTeko jokalariak.

Aipagarria da hiruko marratik ohikoa baino portzentaje hobea izan zutela eta guztira 11 saskiratze lortu zituztela 6,75 metroko marratik atzera. Esan, baita ere, formazio kategoriatan ZASTen aritutako Iñigo Sanchez zarauztarra izan zela Gimnastica Sport-Cafe taldearekin atzokoan debutari.

Hemen duzue partidako estatistika.

Garaipen honi esker, 3 garaipen dituzten taldeen multzora igo da Ulacia Grupo eta arnas pixkat hartzeko moduan dira aste honetan, igandean izango duten partida zailari aurre egiteko. Kantabriara egingo dute bidaia, oroitzapen onak ekartzen dizkien Pielagoseko kantxara. Ea kanpoko lehen garaipena eskuratzeko moduan diren.