Berriak

2017-11-09

Asier Recondo: "Denboraldia bukatzen denean, normalean, merezi duzun tokian bukatzen duzu"

Lehen itzulia bukatu berri dute Euskal Ligako kadete mutilek. A1ean (eta datorren urtean kategoria mantentzeko bidean) izateko mugan dabiltza mutilak. Bigarren itzulia hasi aurretik, beren entrenatzailearekin hitz egin nahi izan dugu. Asier Recondo donostiarra da bera. Ea zer kontatzen digun.

Asier Recondo, klubean berria zara. Aurkeztu ezazu zure burua!
29 urteko donostiarra naiz. Txikitan jokalari bezala aritu nintzen, baina 14 urterekin nire ikastetxean bertan hasi nintzen entrenatzaile bezala. Saskibaloitik kanpo, nire egunak ordenagailu parean ematen ditut, programatzailea naiz-eta.

Nolatan iritsi zitzaizun ZASTera etortzeko aukera?
Joan den denboraldiaren amaieran, Dan nirekin jarri zen kontaktuan. Eta, egia esan, baiezkoa nahiko azkar eman nuen.

Zeintzuk ziren aurretik ZASTen inguruan zenituen erreferentziak?
Iñaki, Ulacia Gruporen entrenatzailea, oso lagun ona da. Eta berak klubaz oso ondo hitz egiten du beti. Iaz, gainera, Jokinekin egon nintzen Euskadiko selekzioan Iñakiri laguntzen.

Zein izan da zure ibilbidea hona iritsi arte?
Lehenago esan dudanez, 14 urterekin hası nintzen entrenatzaile bezala Loyolan. Han 3 urte egon eta gero, Bera Beran eta Donosti Basketen egon nintzen urte pila bat. Emakumeen Ligan laguntzen eta Nazional mailako taldea entrenatu eta gero, iaz regionaleko Donosti Dolphins taldea entrenatu nuen. Orain Hondarribian ere laguntzen ari naiz.


Eta selekzioen aldetik, 4 urtez egon naiz Euskadiko kadete nesken laguntzaile bezala. Uda batean Euskadiko nesken talde absolutoan ere egon nintzen, eta, iaz, laguntzaile bezala, Euskadiko kadete mutilekin. Azken bi urteetan, Gipuzkoako infantil nesken hautatzailea ere izan naiz.

Erronka polita kadete mutilen taldea hartzearena. Pozik orain arte egindako lanarekin?
Taldearen inguruan oso erreferentzi onak nituen, eta guztiak egia direla esan daiteke. Taldea oso langilea da eta denboraldi hasieratik hona asko hobetu dugu. Nahi dugun bezala jolasteko bide onetik goaz.

Behin lehen itzulia bukatuta. A1ean sartzeko asmotan?
Nik beti esaten dut, amaieran, normalean, merezitako tokian bukatzen duzula liga. Hori merezi ahal izateko lanean jarraitu behar dugu, orain arte egin dugun moduan, eta partidetako minutu guztietan borrakatzeko prest egon behar gara.

Jakin dugunez, egin den entrenatzaile afarian ez zinen izan... Puntuak galtzeko beldurrik ez?
Puntuak galtzeko beldurrik? Behin esan zidaten entrenatzaile berria izateagatik afari osoa Gurruren ondoan pasa behar nuela, hori bai beldurra!!!!!!