Berriak

2017-11-02

Garaipenaren aparretan jarraitu nahi du Ulaciak

Garaipen garrantzitsua lortu zuten atzo zarauztarrek La Flecha aurkari zuzenaren kontra Aritzbatalden. Ordiziara egingo dute bisita larunbatean, gorriz markatutako beste norgehiagoka bat da Goierrikoa.

Estu egongo da aurten mailari eusteko borroka. Hasieratik jakina zen hori. 16 taldeko multzo batean 5 edo 6 taldek galduko dute kategoria. Hala, garrantzitsuak dira aurkari zuzenen kontrako partidak eta, momentuz, Ulacia Grupoko mutilek borroka horretan garaile izan nahi dutela erakutsi dute.

La Flecha talde gaztelarra etorri zen Aritzbataldera atzo. Eta hasieratik zarauztarrek irabazteko zuten nahia argi utzi zuten arren, kosta egin zitzaien zarauztarrei helburua betetzea. Defentsan talde gogorra da Arroyo de la encomiendakoa (Valladolid) eta horri aurre egiten nahikoa lan izan zuten Iñaki JImenezenek.

Nahiz eta partida nagusitasunarekin hasi, 23-16, bigarren laurdenean zigor handia jaso zuten 7-22ko partzialarekin. Hala, atsedenaldira 8 puntuz atzetik eta nahikoa burumakur joan ziren zarauztarrak.

Baina EBA ligan gauza jakina da partida guztian borrokatuta ezin dela inoiz ere bukaerako emaitza aurreikusi, eta, atzokoan, beste behin, hori argi geratu zen. Hirugarren laurdenean La Flechak minutuz minutu ikusi zuen hartutako abantaila nola jaten zieten Ulacia Grupokoek. Eta, erritmo horri eutsita, eta gaztelarren erasoko ekarpen eskasa baliatuz, 60-51 irabazi zuten zarauztarrek. Nabarmentzekoa bigarren zatian 13 puntu baino ez zituztela jaso.

Hemen duzue partidako estatistika.

Iñaki Jimenez eta Julen Egañaren adierazpenak (egin klik irudian ikusteko)

 

Larunbatean Ordizian

Aurkari zuzena izango da itxura guztien arabera talde goierritarra. Bi taldeak bina garaipenekin gurutzatuko dira larunbatean, azaroak 4, Majori kiroldegian, 18:00etan.

Ordizia-Basoa banaketak taldea debutaria da EBA ligan, baina tartean eskarmentu handiko jokalari bat badu, Asier De La Iglesia, eta zenbaki oso onak egiten ari da gainera.

Goierritarrek puntu asko sartu dituzte jokatutako partidetan, ligan estreinako urtea dutela kontuan izanda, eta, ondorioz, ez da izango despistatzeko tarterik. Euskal Kopan argi geratu baitzen tarte handiak azkar murrizteko gai direla azatxoak.

Ea partida dotore bat ikusteko aukera dugun eta garaipena patrikan ekartzen duten Ulacia Grupoko mutilek.