Berriak

2017-10-30

Asteazkenerako indarrak hartuta

Zornotzan izan ziren larunbatean Ulacia Grupoko mutilak. Sekulako lana egin zuten arren, halako talde baten kontra irabaztea ia ezinezkoa dela argi geratu zen. Datorren partidarako, ordea, indartuta itzuli ziren zarauztarrak.

Aipatu genuen, beste kategoria batean pentsatzen duen taldea da Zornotza. Baina zarauztarrek argi erakutsi dute beti ez direla kikiltzen halako taldeen aurrean, eta larunbatean hori argi utzi zuten beste behin.
 
Partida oso ondo hasi zuten erasoan, zentratuta, nahiz eta defensan kosta zitzaien beraien jaurtitzaileak gelditzea. Hala ere, errebotearen kontrola Ulaciarena izan zen eta horri esker aurrea hartu zuten markagailuan.
 
Bigarren laurdenean pilatuta zuten zazpi puntuko aldea jan zieten Zornotzako mutilak, baina aurretik jarraitu zuten laurdena bukatzeko geratzen zen azken jokaldira arte. Barneraketa bati esker, puntu bat aurretik joan ziren aldagelara bizkaitarrak.
 
Baina aldagelatik berriz ere serio irten ziren Iñaki JImenezen mutilak, eta, baloia zentzuarekin mugituz eta saskiraketa onak aurkituz partidan sartuta mantendu ziren. Aipatu laurden horretan, Estalayo, haien eskolta titularra, bi kirolez kontrako falta eginda kalera joan zela. Baina, talde indartsua dutela erakutsiz, laurdenaren azken segundoetan Westbrooken hiruko batekin 3 gora jarri ziren zornotzarrak.
 
Azken laurdenaren hasieran, galdutako baloi pare baten ondorioz, 15 bat puntutako aldea hartu zuten bizkaitarrek. Baina berriz partidan sartzen ari ziren zarauztarrak, eta hor eztabaidarako jokaldia iritsi zen. Zalantzazko txapel baten ondoren, Unai Eizagirreri kirolez kontrako falta eta jarraian falta teknikoa adierazi zizkieten, hala, oriotarrak aldagelara joan behar izan zuelarik.
 
Kontuan izan behar da Julen Egaña gaixo zegoela eta Jon Sanzek lan kontuak medio ezin izan zuela partidara joan. Ondorioz, geratzen zen denboran Imanol Ezeiza, Estanis Andres eta MIkel Larrañaga baino ez zituen erabilgarri Iñaki Jimenezek. Minutu horietan Iker Lizarriturri ere hegaleko postuan aritu zen taldeari laguntze aldera. Saiatu ziren arren, une horretatik aurrera oso zaila izan zitzaien partidan mantentzea. 
 
Bukaeran, 92-74 Zornotza garaile. Nabarmentzekoa izan zen harmailan izan zen giro polita Ulacia Grupo animatzera joan zirenekin eta bertako jendearekin. Hala, harmailak beteta zeuden.
 
Hemen partidako estatistika.
 

Asteazkenan, La Flecha Aritzbatalden

Partida borrokatua izango dute asteazkenean, 18:30ean, Aritzbatalden, Ulacia Grupokoek. Mailari eusteko borrokan izango den taldeetako bat izango dute bisitari, La Flecha talde gaztelarra.

Iaz Galiziako multzoan egon eta gero, aurten berriz ere beren multzoan izango da Valladolideko taldea. Zarauztarrek badakite haiei bai edo bai irabazi beharra izango dutela maila mantentzeko helburu hori gertuago izateko.

Haiek 3 partida irabazita etorriko dira Aritzbataldera, baina maila apalagoko taldeen kontra lortu dituzte beren garaipenak. Hori bai, guztiak aurkari zuzenak.

Ea Aritzbataldek aurreko astean bezalako aupada ematen dion taldeari eta garaipena etxean geratzen den.