Berriak

2017-10-27

Talde berria, bisita konplikatua

Zilarrezko LEB ligan hainbat urte pasa dituen Zornotzaren etxera joango da Ulacia Grupo

EBA ligan irabaztea berez konplikatua izaten bada, aurten gauzak zailxeago jarri zaizkie Ulacia Grupoko mutilei. Udan izandako mugimendu guztien ondorioz, beren multzoan bi talde gehiago dira aurten. Bata apalagoa bestea baino.

Eta oraingoan benetan indartsua den talde baten kontra aritu beharko dute Amorebietako kiroldegian: Zornotza izango dute aurrez aurre. Aurrekontu potoloa dute bizkaitarrek EBA ligan aritzeko, izan ere, aurreko urteetan Zilarrezko LEB ligan aritu da talde bizkaitarra.

Iñaki Jimenezek argi utzi du "datorren astera begira indartsuagoak izateko entrenamendua" izango dela larunbatekoa. Gauza da Zornotzak bere baitan hiru estatubatuar, bosniar bat eta serbiar bat dituela, baita Bizkaiko saskibaloiaren promesetako bat ere: Unai Mendicote.

Gauzak horrela, kantxan dena ematera irtengo dira Ulacia Grupoko mutilak. Zaila badelako, baina sekula ez ezinezkoa. Hitzordua bihar, 18:30ean, Amorebietako Larrea kiroldegian izango da.

Selekzioen txanda

Asteburu honetan Hego Euskal Herriko infantil eta kadete selekzioen txapelketak jokatuko dira hainbat tokitan. Kadete mutiletan Imanol Artetxe izango da ZASTen ordezkaria eta infantil nesketan Iraia Alday eta Nora Bereziartua jokalariak eta Asier Recondo entrenatzailea.

Juniorrek, bestalde, aste honetan hasiko dituzte entrenamenduak eta Jairo Torres deitu dute bertan izateko. Zorterik onena guztientzat ZASTetik!