Berriak

2017-10-23

Lehenengoa poltsikora!

Ulacia Grupok eskuratu du denboraldiko lehen garaipena. Partida benetan gogor batean 71-61 irabazi zieten Iñaki Jimenezen mutilek Universidad de Valladolidekoei.

ZASTeko familiaren babesa izan zuten atzo Ulacia Grupoko jokalariek Aritzbatalden. Klubeko taldeen argazkiak egin ziren lehendabizi -probintzialeko seniorrek argazkien aurretik lortu zuten garaipena ahaztu gabe- eta bertan geratu ziren talde desberdinetako jokalariak lehen taldekoei animoak emateko.

Partida hasieratik erritmo altua nagusi izango zela ikusi zen nabarmen. Partida ero xamar hasi zuten, joko alai eta saskiraketa askorekin bi taldeek. Zarauztarren markagailuan tarte polita lortu zuten laurdenaren amaierarako 25-15. Bazirudien segituan partida hausteko gai izango zirela, baina Universidad de Valladolid talde gogorra da eta edozein akats ongi baliatzen dute.

Hala, bigarren laurdenean saskiratze errazagoak lortu zituzten gaztelarrek eta horri zarauztarren ekarpena murritzagoa izan zela gehituta, atsedenaldira 9 puntuko abantailarekin joan ziren aldagelara. Hirugarren laurdenean antzeko jokoa izan zen, akats nabarmenak bi aldeetan eta Valladolideko taldea zertxobait gerturatu zen. Une batez tartea lau punturaino laburtu bazuten ere, berriz ere susperraldia izan zuten etxekoek eta bukaeran berriz ere 10 puntuko tartearekin irabaztea lortu zuten, 71-61,

Garaipen garrantzitsua lortu zuten atzokoan Ulaciakoek eta datorren jardunaldian berriz ere faborito baten kontra jokatu beharko dute kanpoan, Zornotzan.

Hemen duzue partidako estatistika.

Partida bukaeran Estanis Andresek eta Iñaki Jimenezek adierazpenak egin zituzten.

Iñaki JImenezenak

Estanis Andresenak