Berriak

2017-10-20

Familia giroan, garaipenaren bila

Igande honetan, 18:30ean, Ulacia Grupok etxean jokatuko du Universidad de Valladoliden kontra. Aurretik, 15:30ean, lehen maila probintzialeko seniorrek Alde Zaharraren kontra jokatuko dute. Bi partiden artean, ZASTeko talde guztiekin argazkiak egingo dira.

Hiru partidatan lan txukuna egitetik dator Ulacia Grupo. Garaipenik ez, baina talde indartsuen aurrean aurpegia eman dute Iñaki Jimenezen mutilek.

Asteburu honetan ligako erdiparean ibiltzen den Universidad de Valladolid izango dugu bisitari Aritzbatalden. 18:30ean hasiko den partidan aurreko astean ondo egindako gauzak errepikatu nahi dituzte Ulaciako mutilek, batez ere Estelaren kontra egindako partidakoak.

Baina erasoan zein defentsan zertan hobetua badute, eta horretarako gogor entrenatu dute aste guztian. UVAk uztai azpiko joko gutxiago du aurreko asteetan jokatutako taldeekin alderatuz, baina joko alaia eta azkarra egiten dakite gaztelarrek. Jaurtitzaile onak dituzte eta errotazio luzea, jokalari askoren ekarpena dutelarik.

Hala, talde guztiaren beharra izango du Iñaki Jimenezek aurkaria gelditu ahal izateko. Erasoan, berriz, baloia ongi zaindu beharko dute, pazientzia handiarekin, haien defentako intentsitatea gainditzeko.

Familia giroa ziurtatuta

ZASTeko talde guztiek 16:45 alderako prest egon beharko dute argazki saio ofiziala egingo baita igandean. Talde bakoitzarekin argazkia ateratzeaz gainera, familia argazkia ere aterako da.

Aurretik, 15:30ean, Oraitz Garciaren senior mutilek jokatuko dute Alde Zaharra talde donostiarraren kontra.

Arratsalde pasa polita, beraz, igandean Aritzbatalden izango duguna. Denon artean harmaila bete eta taldea ea garaipeneraino bultzatzen dugun!