Berriak

2017-08-28

Beste urtebetez saskibaloiak koloreztatu du Zarauzko malekoia

Lau egunetan saskibaloi jokalarien joan-etorria izan da Dama eta Desertu txikia bitartean protagonista. Orokorrean eguraldia aldakorra izan bada ere, ez da inolako arazorik izan txapelketa aurrera ateratzeko, eta hor boluntarioei txalo zaparrada beroa eskaini behar zaie.

180 talde izan dira lehian aurtengo txapelketan eta denetariko jatorria izan dute: gipuzkoarrak, bizkaitarrak, arabarrak, nafarrak, errioxarrak, kataluniarrak…

Ostegunean ekin zitzaion Saski Basque 3x3 Zarautz 2017ko edizioari. Infantilen txapelketa izan genuen jokoan eta, nesketan, final estua ikusi ahal izan genuen Basketball girls eta Basket lovers taldeen artean. Azkenean, lehendabizikoak izan ziren garaile 7-5eko emaitzarekin. Mutiletan, berriz, alde handiagoarekin nagusitu ziren New York Knicks taldekoak 15-7 hartu baitzuten mendean Pirata Team taldea.

Ostiralean kadeteen eta juniorren txanda izan zen. Kadete mutiletan GGG taldeak irabazi zuen 11-8ko emaitzarekin Iraurgi+1 taldearen kontra. Partida borrokatua izan zen eta jokaldi txukunak ikusteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Nesketan, markagailua baxuagoa izan zen. Arratsalde guztiko nekea pilatuta, Quexito taldeak 5-1 hartu zuen mendean Mari Carmen taldea. Markagailuak, ordea, ez du jokoan izan zena adierazten. Oso maila polita erakutsi baitzuten kadete neskek. Bukatzeko, juniorretan GVNGGVNTRAPI izan zen talde irabazlea, markagailuan aisa gailendu zelarik Azkorri taldearen aurrean: 17-9

Larunbatean etxeko txikienen lehen txanda izan zen, alebin eta benjamin mutilen txapelketarekin. Eguzkia lagun, goiz ederra pasa zuten guztiek ere. Benjaminetan ez da sailkapenik izaten, guztiak irabazle, beraz. Mini mutiletan, berriz, final benetan estu baten ondoren, Epic Team izan zen irabazlea: 7-6 nagusitu ziren Aurkari beldurgarrien parean.

Larunbat arratsaldean zetorren asteburuko plater garrantzitsuena, ordea. Senior mailako txapelketa izan zen jokoan. Mutiletan toki desberdinetatik etorritako jendea, tartean katalanak eta, nola ez, askotan etorri izan diren nafarrak. Eta, bai, nafarrak finaleraino iritsi ziren eta 2 puntuz aurtengo Saski Basque txapelketaren ESF saria bereganatu zuten Ese Alfonso como mola taldekoek. Parean Dayola taldea izan zuten eta, kosta bazitzaien ere, 12-14 irabazi zuten nafarrek 600€ etxera eramanaz, Dayolakoek 300€ eraman zituzten. Zarauztarrei dagokienean, De Andres Jordan eta Subjuntiboen maitaleak izan ziren urrunen iritsi zirenak, final laurdenetan kanporatu zituztelarik. Haientzat 150€ko saria taldeko.

Nesketan ere gauzak benetan estu joan ziren. Gotzone eta Venimos a tomar el sol taldeak izan ziren aurrez aurre finalean. Partida gogor baten ostean, saskiratze bakarrak erabaki zuen norgehiagoka eta Venimos a tomar el solek irabazi zuen 19-18ko emaitzaz. Zarauztarrei dagokienez, Surfcamp taldea izan zen onena. Aipatu, bi zarauztar eta bi Holandako jokalariz osatu zela talde hori.

Igande goizean berriz ere txikienak izan ziren lekukoa hartu zutenak. Kasu honetan, neskak. Goiza giro onarekin hasi bazen ere, euri tantek bustita amaitu zen txapelketa. Baina saskibaloi mailari ez zion eragin. Izan ere, finala jaurtiketa libreen marratik erabaki zen. Axkoiti eta Dream team taldeak ziren aurrez aurre eta denbora bukatzean 6-6ko emaitza zen markagailuan. Azkenean, Dream Team taldekoek jaurtiketa libreetan gehiago asmatuta, garaipena eraman zuten.

Zoritxarrez, euria izan zen protagonistetako bat hortik aurrera. Hala, igande arratsaldeko koadrilen txapelketa Antoniano kiroldegira eraman zuen antolakuntzak, jendeak minik hartu ez zezan. Giro paregabea izan zen dena dela, eta final ikusgarria izan genuen Migos Team eta Julian 20 kroketa ezetz taldeen artean. Denetariko saskiraketak ikusi ahal izan genituen, tartean 3ko asko. Bukaeran Migos Team garaile, 16-14.

Txapelketa, beraz, arrakastatsua izan da beste urtebetez eta ZASTek eskerrik beroena eman nahi die babesle eta laguntzaile guztiei: Talai Mendi, Basket Country, Ulacia, Spa & Gym Malecon, Xibarta, JC Dominguez, Viskwit, Graficas Juaristi, El Diario Vasco, Sayalero, Zarauzko Udala, Euskal Saskibaloi Federazioa eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioa. Baita eskualdeko jatetxe eta tabernei ere. Eta mila esker baita ere Eroskiri, txapelketan zehar eskainitako frutagatik. Haiek gabe ez baitzen hau guztia posible izango.