Berriak

2017-04-27

Itzuliko gara!

Nahi izan zuen, eskura izan zuen, baina denboraldi honetan zehar askotan gertatu izan den bezala esku hutsik itzuli zen etxera Ulacia Grupo. 40 minutuz borrokatu arren azkeneko puntutxo hori falta izan zitzaion larunbatean Aritzbatalden salbaziorako lehian bizirik mantenduko zuen garaipena eskuratzeko. Azkenean porrota PAS Pielagosen aurka, 87-95.

Denbora luzez gure memorian ondo iltzatua egongo da iazkoan nola mantendu zuen EBA ligako postua egun Ulacia Grupo denak. Ez zaigu ahaztuko nola ia galduta zuten partiduari azkeneko minutuan, azkeneko esfortzuan, azkeneko momentuan, azkeneko jaurtiketan buelta ematea lortu eta garaipenarekin maila mantentzea lortu zutela.

Urtebeteko esperientziak aurtengo denboraldiari itxaropentsu begiratzera bultzatzen gintuen. Gainera, ez zuten batere gaizki hasi lehia Goar Artetxeren mutilek. Lehenengo lau partiduetatik hiru irabazita lidertzaren lehian erabat murgilduta ibili ziren. Ondoren iritsi zen tunelaren eta aurtengo gurutzebidearen hasiera. 10 porrot jarraian, partidu horietariko askotan garaipena eskuetan izan, baina azkeneko urrats hori falta garaipena eskuratzeko. 15. jardunalditik azkenaurreneko honaino hiru garaipen eskuratu dituzte zarauztarrek, gogoan geratzen dira Mondragon Unibertsitatearen aurka edota Valle de Eguesen aurka lortutakoak. Gainontzekoetan lehiatu bai, baina ez dute garaipena eskuratzerik lortu. Horrek, amaitzeko partidu baten falta, maila galtzera eraman du Ulacia Grupo.

Denboraldian zehar askotan gertatu bezala, ez zioten ondo ekin partiduari zarauztarrek, atsedenaldira 10 puntuko desabantailarekin iritsi eta bigarren zatian buelta ematea lortu arren eskuetatuk ihes egin zien garaipenak. Horrela laburbildu genezake larunbateko PAS Pielagosen aurkako porrota.

Parekatua hasi zen partidua, zarauztarren urduritasuna eta kantabriarren erritmo falta batu eta horrek puntu gutxiko lehen minutuak ekarri zituen. Joko nahasia, baloi galdu ugarirekin eta jaurtiketan ere ez ziren fin ibili bi taldeak. Zarauztarrek gogor defendatu eta trantsizioan ateratzeko aukera zutenean puntuak erraz pilatzen zituzten eta lortu zuten aurretik jartzea, baina Brais Gago antolatzailearen laguntzarekin markagailuari buelta eman eta 14-20 aurretik bukatu zuen laurdena PAS Pielagosek.

Bigarren laurdenaren hasieran zarauztarrak indartsu atera ziren eta barruko joko eta trantsizio azkarretan oinarrituta lortu zuten aldea murriztea, baina hortik aurrera kantabriarrak egin ziren partiduaren jaun eta jabe, bi protagonista nagusirekin Juan Alvaro Arnaiz eta Sergio Iglesias, lehenengoak lehen abantaila garrantzitsua eman zion bere trantsizioko jokoarekin eta bigarrenaren 9 puntu jarraian 15 puntuko aldea zabaldu zuten, Ulacia Grupok azkeneko minutuetan murriztea lortu zuena, 34-44.

Aldageletatik pasatzeak on egin zion Goar Artetxeren taldeari, lehen minutuetan intentsitate handiagorekin zelairatu eta 11-2ko partzialarekin puntu bakarrera gerturatu ziren. Hiruko festa bizi izan Aritzbatalden lehen minutu horietan, Unai Eizagirrek, Estanis Andres eta Xabier Osak, bitan, lortu zuten kantabriarren saskia hiruko marratik zulatzea. 6. minutuan 3 puntuko aldea zuten kantabriarrek, 50-53, behin aldea murriztuta kolpeka aritu ziren taldeak. Hortik aurrera asko gaiztotu zen partidua, tentsio handiko minutuak bizi izan ziren kiroles kontrako, teknika eta deskalifikante bat tarteko. Laurden amaieran dena erabakitzeke, 59-60.

Azken hamar minutuetan dena erabakitzeko zegoen. David Garciaren hiruko batek 5 puntura luzatu zuen abantaila eta Goarren hutsartea behartu zuen. Mikel Larrañagaren hiruko batek partidua berdindu eta garaipena posible zela sinestarazi zituen zaletu eta jokalariak. Hortik aurrera talde batek aurrea hartzen zuen bakoitzean, besteak partzial txiki batekin itzultzen zion. 77-74 iritsi zen partidua 1:30 faltan, David Garciaren hiruko batek eta David Gomezen erasoko errebotearen ondorengo saskiraketak eta Brais Gagoren jaurtiketa libre batek 77-80koa ezarri zuen. Unai Eizagirrek hiruko marratik partidua berdintzea lortu eta luzapenera joan zen. Luzapenean istorio askorik ez zuen izan partiduak. PAS Pielagosek segurtasun handia izan zuen jaurtiketa libreetan eta horretaz baliatu zen garaipena ziurtatzeko.

Porrotarekin matematikoki Lehen Maila Nazionaleko taldea da Ulacia Grupo, beste emaitzak lagun izan bai, baina garaipena eskuratu ez eta azken partidura jaitsita iritsiko dira Goar Artetxe eta bere mutilak. Atzera urrats bat izango da, baina hurrengo urtean bi aurrera emango ditugu dagokigun lekura itzultzeko. #huhaulacia