Berriak

2017-04-21

Denon laguntzarekin edozer dugu posible

Bi jardunaldi geratzen dira EBA Ligako 2016/2017 denboraldiari agur esateko. Bi jardunaldi geratzen zaizkio Ulacia Grupori maila mantentzeko helburua gauzatzeko. Larunbatean, 19:00etatik aurrera, jokatuko dute azkeneko partiduan Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegian. Denon laguntza eta babesa behar dute salbaziora bidean garaipena eskuratzeko.

25 eta azkenaurreneko jardunaldia. Bi partidu eta kalkulagailua martxan. Sailkapeneko azkenaurreneko postuan dago Ulacia Grupo 6 garaipenekin. Aurretik ditu Redline Mekanika TAKE eta Mondragon Unibertsitatea 7 garaipenekin eta Universidad de Burgos 8rekin. Bi partiduren faltan dena erabakitzeke dago, jakiteke zein hiru taldek galduko duten maila.

Bi talde gipuzkoarrekin averagea irabazia du Ulacia Grupok, tolosarrekin +5 eta arrasatearrekin +6. Burgosko taldearekin berdindua du aldiz. Gauzak horrela, matematikek diotena da zarauztarrek ezinbestekoa dutela bi partiduak irabaztea hiru talde uzteko atzetik. Bi partidu irabazteaz gain behar dutena: Universidad de Burgos eta Mondragon Unibertsitateak bi partiduak galtzea eta Redline Mekanika TAKEk bat irabaztea. Emaitza horiek emanez gero lortuko lukete Goar Artetxeren mutilek bigarren denboraldiz jarraian EBA Ligan mantentzea.

Eta orain dator galdera, zein partidu jokatu behar ditu talde bakoitzak? Ulacia Grupok PAS Pielagos talde kantabriarra jasoko du bisitan larunbatean Aritzbatalden eta azkeneko jardunaldian Easo Loquillo talde donostiarraren aurka jokatu beharko du. Universidad de Burgosek Valle de Egues jasoko du eta Santutziri egin beharko dio bisita. Mondragon Unibertsitateak Grupo Santiago Automocion etxean eta PAS Pielagos kanpoan dira jokatuko dituen bi partiduak. Redline Mekanika TAKEk Igualatorio Cantabria Estelari egingo dio bisita eta Universidad de Valladolid jasoko du Usabalen. Bi jardunaldiak ordutegi bateratua izango dute eta larunbatetan, apirilak 22 eta apirilak 29, jokatuko dira arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Aste Santuko oporraldia baliatu dute Ulacia Grupoko kideek astebetez deskonektatu eta pilak kargatuta denboraldiaren azken txanpari gogor heltzeko. Goar Artetxek argi du taldea prest iritsiko dela partidura: “astebete jai eman diegu jokalariei pixka bat deskonektatu eta pilak kargatuta itzul zitezen oporralditik. Oporren bueltan beti kostatzen da pixka bat erritmoan sartzea, baina taldeak daraman entrenamendu dinamika onarekin ostiralean gogor entrenatu eta prest izango da larunbatean zelaira atera, dena eman eta garaipena eskuratzeko, ez dut inolako dudarik hori horrela izango dela”.

Aurrean PAS Pielagos talde kantabriarra izango dute aurkari zarauztarrek. Sailkapeneko erdialdean kokatua dago eta ez dute ezer jokoan izango azkeneko bi jardunaldi hauetan, baina horrek ez du esan nahi gauzak erraz jarriko dizkiotenik Ulacia Grupori, gauzak ondo egin eta itxura ona eman nahiko dute kantabriarrek.

Aurkariari dagokionean lau jokalari azpimarratu dizkigu Goar Artetxek: “Brais Gago, David Garcia Peña, Volodymyr Orlov eta Pape Seck dira PAS Pielagosen pisu guztia daramaten lau jokalariak. Gago eta Garcia Peñak dute erasoko ardura, biak dira erabakiak hartzen dituztenak eta taldea gidatzen dutenak, ondo zaindu beharko ditugu bien barneraldi eta kanpoko jaurtiketak. Orlov eta Seck oso pibot handiak dira, min egiten dute bai erasoko zein defentsako errebotean, euren uztaia ondo zainduz eta aurkariaren ondo erasotuz. Orlovek partiduro lortzen ditu 10 puntu eta 10 errebote eta Seckek barrutik mina egiteaz gain kanpoko jaurtiketan ere ez da gaizki moldatzen. Lau jokalari horiek geratzea izango da gako nagusienetako bat”.

Lau jokalariak geratzeaz gain partidua irabazteko gakoak honakoak izango direla uste du entrenatzaile tolosarrak: “defentsako errebotean sendo egon behar dugu, beraien bi piboten erreboteko produkzioa jaitsi eta hori baliatuz partiduaren erritmoa guk ezarri behar dugu. Partidua dagoen irabazteko behar hori zerbait positiboan bihurtu behar dugu, garaipen gose horrek energia plus bat eman behar digu dena emateko. Horretaz gain, Arizbatalde seigarren jokalari izatea beharrezkoa izango da, azkeneko partiduetan bezala taldea babestu eta animatu behar du lehen minututik azken arte eta ziur nago guztion artean lortuko dugula beharrezkoak ditugun bi garaipenetatik lehenengoa eskuratzea”.

Denboraldiko azkeneko partidua izango da larunbatekoa Aritzbatalden. Urte osoan zehar fin aritu zarete harmailak betetzen eta taldea laguntzen. Azkeneko esfortzua egin behar dugu, azkeneko animo oihuak eman behar ditugu, seigarren jokalari izan eta gidatu dezagun taldea garaipenaren bidean. Aritzbatalde lepo bete behar dugu, larunbatean 19:00etan ez da aulkirik libre egon behar. Guztion artean ezer ez da ezinezkoa eta edozer dugu posible. Iaz lortu bagenuen maila mantentzea azken jaurtiketan...aurten zergatik ez?