Berriak

2017-04-04

Pena!

Eskura izan zuen Ulacia Grupok garaipena, irabazteko baloia ere izan zuen, baina baloiak ez uen saskia zeharkatu nahi izan eta pena eta amorru handiarekin etxeratu ziren zarauztarrak. Partidu on bati ginda ezin jarri eta azkenean Megacalzado Ardoi taldea garaile 83-85.

Partidua amaitzeko bost segundu inguru falta ziren, Estanisek zona erditik zatitu eta bizpahiru metroko jaurtiketa erraza egin zuen, ez zuen saskiratzea lortu, baina erasoko errebotea zelaiko listoenari eskura erori, baina Unai Eizagirrek saskipean ez zituen bi puntuak eskuratu, bigarren erasoko errebotea nafarrek hartu eta Nicolas Urizek itxi zuen partidua jaurtiketa libre bat sartuta.

Ligako oilarretako baten aurka kalitatezko garaipen garrantzitsu bat eskuratzetik oso oso gertu egon zen atzokoan Ulacia Grupo. 40 minutuz lehiatu zuen, momentu askotan bazirudien nafarrek partidua hautsi eta ihes egingo zutela markagailuan, baina zarauztarrek ez zuen segundu bakar batean ere amore eman eta zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, partidua irabazteko aukera izan zuten Goar Artetxeren mutilek. Amorratua, etsituta, penatuta irten ginen denak Aritzbataldetik, baina ez gaitzala pena horrek itsutu eta geratu gaitezen taldeak eman zuen maila bikainarekin, itxaropenez betetzen gaituena azkeneko hiru jardunaldietan maila mantentzeko.

Ederki hasi zuen Ulacia Grupok. Defentsan sendo, partiduaren erritmoa ezarriz eta lehenengo bost minutuetan saskiratze portzentai oso onak eskuratuz. Megacalzado Ardoi sorpresaz harrapatu zuen zarauztarren hasierako energia eta erritmo horrek. Mikel Ibarguren eta Aitzol Eguskizaren saskipeko jokoak eta Julen Egaña eta Xabier Osaren jaurtiketek 15-7koa ezarri zuten markagailuan, entrenatzaile nafarra hutsartea eskatzera behartuz. Lehen laurdeneko azkeneko bost minutuetan, partiduaren erritmoa dexente jaitsi eta nafarrek euren terrenora eramatea lortu zuten, 17-13.

Bigarren laurdenak nafarren kolore urdina izan zuen. Hasierako minutuetan kolpeka aritu ziren bi taldeak, baten saskiratzea besteak erantzunez, tarte horretan Ardoik partidua 19na berdintzea lortu zuen 3. minuturako. Momentu horretan Megacalzado Ardoik partiduko planteamendua aldatu eta zelai osoko presioa egiten hasi zen, horrek zarauztarrak presarekin jokatzea ekarri zuen, presio hori azkar gainditzen saiatzen ziren, baina emaitza ez zen esperotakoa izan, baloiak galtzen hasi eta horietaz baliatzen hasi baitziren nafarrak trantsizio azkarren bitartez markagailuan abantaila lortzeko. 23-33 jarri ziren aurretik, baina Jon Saez de Ocariz eta Beñat Jauregik bost puntuan murriztu zuten. Orduan grisezko bi pertsonaien protagonismoa etorri zen, duda mudazko erabaki batzuk hartu eta nafarren susperraldia ekarri zuen, Aritzbataldeko harmailak sutzearekin batera. Atsedenaldian, 36-46 Megacalzado Ardoi, 33 puntu eskuratu zituen laurden horretan talde nafarrak.

Hirugarren laurdenaren hastapenetan bazirudien nafarrek partidua hautsiko zutela. 7 puntura gerturatu zen Ulacia Grupo, 42-49, baina orduan grisezko protagonista “ohorezko” minutuak iritsi eta zarauztar zaletuen animoak seko berotu zituen, berotzearekin batera piztu ere, baina 15 punturaino luzatu zuen tartea Megacalzado Ardoik, 47-62. Baina dudamudazko minutuen ostean susperraldia etorri zen, Estanis Andres eta Julen Egañaren hirukoek, Xabier Osaren jaurtiketa libreek eta Mikel Larrañagaren azken saskiratzeak 3 puntuan utzi zuen partidua, 63-66. 10 minutu eta dena erabakitzeke, zaletuen artean ilusioa piztuta eta bozgorailu eta eztarrietatik animo oihuak “Zarautz, zarautz” eta “Goazen Zarautz goazen, goazen txapeldun!”.

Garaipena eskura eta horrek urduritu egin zituen nafarrak, entrenatzaileak teknika jasotzeraino, baina bere jokalariak ez zeuden amore emateko prest. Larra eta Estanisen saskiratzeak Savitskik erantzun zituen eta 5 puntura luzatu zuen aldea, 68-73, eta 4:30 geratzen zen jokatzeko. Orduan etorri zen Unai Eizagirreren ikuskizuna, 7 puntu jarraian eskuratu zituen, 77-75koa ezarriz markagailuan, Xabier Osak bi jaurtiketa libreri esker lau puntura luzatu zuena, 79-75. Savitski zuen nafarren agintea eta partziala hautsi zuen, baina Xabok bikain erantzun zuen hiruko batekin, 82-77 eta 2 minutu jokatzeke. Urtasun eta Savitski 0-5ko partzialarekin partidua berdindua utzi zuten 30s faltan. Iker Lizarriturrik jaurtiketa libre bakarra sartu, 83-82 eta Iñigo Camposek aurretik jarri zituen nafarrak bost metroko jaurtiketa baten bitartez, 83-84. Hortik aurrerakoa kontatu dizuegu aurrez.

Pena handiarekin irten ginen Aritzbataldetik bai, baina hori ahaztu eta geratu gaitezen tadeak emandako joko maila onarekin, ligako oilarretako bati estu hartu zion eta garaipena eskura, behatz puntekin ikutu zuen. Falta diren hiru jardunaldietarako animoz eta gogoz bete behar ditu horrek Ulacia Grupoko kideak. Salbazioa eskura dugu. Hastako Burgosen geraldia, hil ala biziko geraldia! Segi dezagun borrokan helburua gauzatu arte! #huhaulacia