Berriak

2017-03-31

Errusiar mendian behera

Errusiar mendiaren gainean eginiko denboraldia azken txanpan murgilduta dago, bidaiak gertu du bere helmuga. Gora eta behera aritu gara denboraldi osoan zehar, hasieran behera eta gero gora, oso gora joan ginen, baina azkeneko txanpa aldapa behera ekin dio Ulacia Grupok. Azken jardunaldiko garaipenarekin eskura du maila mantentzea. Lehen erronka, lehen geldialdia, datorren igandean, apirilak 2, arratsaldeko 18:30etan Aritzbatalden Ulacia Grupo vs Megacalzado Ardoi.

Errusiar mendian igo eta bidaia aldapa behera hasi zuen Ulacia Grupok, lehen lau jardunaldietan hiru garaipen eskuratuta ziztu bizian hasi zuten EBA Ligako ibili berria. Baina jarraian maldan gora hasi zen errusiar mendia. Gora eta gora eta gora eta gora eta gora. Hamar porrot jarraian. Bi garaipeneko lasaitasuna eta berriro gora, beste bost porrot. Baina iragan igandean beherako bidaiari ekin zioten zarauztarrek, azken lau jardunaldien faltan, helmugara eramango dien aldapa beherari. Ez digu inork ziurtatzen zer gertatuko den, lau partiduen bidaia beheranzkoa izango den lau garaipen eskuratuta edo koxkatxoren bat edo beste topatuko ote dugun bidean.

Mondragon Unibertsitatearen errusiar mendi morea dugu aurrean, garaipen bakarrera. Igandean bultzada eman genion gure bidaiari eta tartea murriztea lortu genuen. Buruz buruko lehian nagusi atera zen Ulacia Grupo, joko sendoa, bai erasoan zein defentsan, erakutsita, garaipen argi eta garrantzitsua eskuratu zuten Arrasaten, garaipena eta averagea alde, sailkapena nola dagoen ikusita amaieran erabakigarria izan daitekeena. Matematikak argi daude. Mondragon Unibertsitateak baino partidu bat gehiago irabazi behar du Ulacia Grupok maila mantentzeko, helmugara errusiar mendi morea baino lehenago iristeko. Partidu bat gehiago, besterik ez.

Zarauztarrek bidean izango dituzten geraldiak: Megacalzado Ardoi Zarautzen, Grupo de Santiago Automoción Burgosen, PAS Pielagos Zarautzen eta Easo Loquillo Donostian. Mondragon Unibertsitatearenak aldiz: Santurtzi, Megacalzado Ardoi Zizurren, Grupo de Santiago Automocion Arrasaten eta PAS Pielagos Santanderren. Egin apustu!

Ulacia Grupo igandeko garaipenak ematen duen konfiantzarekin iristen da igandeko norgehiagokara Goar Artetxeren hitzetan: “taldea oso mentalizatuta dago, maila mantentzeko lehian partidu hau irabaztea oso garrantzitsua izan litekeelako. Konfiantzaz tope dago taldea, ez bakarrik Arrasaten azkeneko jardunaldian irabazi izanagatik soilik, baita irabazteko moduagatik ere, oso oso ondo jokatu genuen bai defentsan eta baita erasoan ere, oso partidu borobila osatuz”.

Parean arerio gogorra, ligako laugarren sailkatua esperientzia oso handiko bostekoa duena: “Megacalzado Ardoi taldea arerio gogorra da, ligako laugarren sailkatua. Partidu itxiak planteatzen dituzte eta defentsan sendo ibiltzen dira. Erasoan akaso ez dira hain trebeak, baina jokoa ondo ezagutzen dute eta partiduen irakurketa egokiak egiten dituzte. Savitski da beraien jokalaririk trebeena, kanpotik eta barrutik puntuak pilatzen ditu eta errebotean ere oso ondo ikusten du baloiaren norabidea. Pope Urtasun hegalekoa eskarmentu handiko jokalaria da, Zilarrezko LEB Ligan aritutakoa eta jaurtitzaile fina. Uriz joko antolatzailea (Gipuzkoa Basketen aritzen denaren anaia) oso jokalari azkarra da eta ondo zaindu beharko ditugu bere barneraketak. Ofizio handiko taldea da nafarra”.

Defentsako errebotea eta kanpoko jaurtiketetan asmatzea, garaipenaren gakoak: “defentsako errebotea ondo zaindu behar dugu eta partiduaren erritmoa guk ezartzea garrantzitsua izango da. Beraien barruko jokoa ondo gelditu behar dugu ere. Kanpoko jaurtiketetan portzentai onak lortzen baditugu garaipena etxean geratuko da. Ezinbestekoa da guretzat partidu hau irabaztea maila mantentzeko”.

Ezinbesteko norgehiagokan ezin duzu hutsik egin. Eztarria ondo prestatu eta gerturatu igandean Aritzbataldera arratsaldeko 18:30etan, emozio handiko bidaia biziko duzu Ulacia Gruporen errusiar mendi arrosean igota! #huhaulacia