Berriak

2017-03-28

Garaipen bikoitza!

Ostiralean aipatzen genuen partidu garrantzitsua, hil ala bizikoa, zela igandean Arrasaten jokatu zena. Maila mantentzeko lehian bizirik jarraitu nahi zuen Ulacia Grupok eta horretarako ezinbestekoa zen Mondragon Unibertsitatea garaitzea. Irabazi bakarrik ez, averagea ere alde izatea lortu zuten zarauztarrek, 58-71. Lau partiduren faltan salbazio garaipen bakarrera dute Goar Artetxeren mutilek.

Bi taldeentzat partidak zuen garrantziaren pisuak baldintzatuta edo, partida hasiera kaxkarra izan zen igandekoa Iturripe Kiroldegian. Etxeko taldeak kanpoko jaurtiketetan oinarritu zituen hasierako erasoak, zarauztarrek aldiz joku orekatuagoan, baina inorrek ez zuen uztaiaren aurrean asmatzen. Gauzak horrela 3.minutuan markagailua hasieran bezala zegoen, 0-0. Unai Eizagirreren 5 puntuk estreinatu zuten markagailua, kanpotarrei lehen abantailatxoa eskeiniz, 0-5. Bide beretik jarraitu zuen lehen laurdenak, Ulacia Grupokoak defentsan sendo agertuz, baina erasoan ezin eroso saskiratuz, lehen laurdenaren amaieran markagailu baxua, 4-11.

Harmailak betetzen zituen jendearentzat ez zen partidu oso ikuskarria izaten ari eta bigarren laurdena ere trabatua izan zen. Saskiratze gehiago izan arren, jokoa momentu askotan geratu zen falta eta jaurtiketa libreak medio. Zarauztarrak aurretik mantendu une oro markagailuan, 6 puntu inguruko aldeak izaten ziren. Hala ere, Mondragon Unibertsitateak azken minutuan lortutako 5-0eko partzial batek norgehiagoka asko estutu zuen atsedenaldira joan aurretik, 24-27 lehen 20 minutuak jokatuta. Goar Artetxeren mutilak markagailuan alde gehiagorekin egoteko aukera galdu izanaren sentzazioarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren zatiari indartsu ekin zion Ulacia Grupok, hil ala biziko lehia zela jakitun, ez zuten partidua aurrera ateratzeko aukera galdu nahi. Hasierako saskiratze trukaketen ondoren, partiduan lehen aldiz 10 puntuko aldea zabaldu zuten zarauztarrek. Aitzol Eguskiza eta Mikel Ibargurenek zona barruan egindako lan bikainak eta Unai Eizagirreren hiruko batek 28-38koa ekarri zuen markagailura, arrasatearren hutsartea behartuz. Defentsa alternatiboak planteatu zituen etxeko taldeak zarauztarren jokoa nahasteko helburuarekin, baina Mikel Larrañagaren taldearen gidaritza onak eta saskiraketek abantaila zabalduarazi zuten, 36-48 30.minutuan.

Ez zen lehenengo aldia azken laurdenean abantaila kudeatzea egokitzen zitzaiola Ulacia Grupori eta ligan zehar eginiko akatsetatik ikasita, hirugarren laurdenean jokatutako erritmo berarekin zelairatu ziren azken 10 minutuak lehiatzera. Defentsako maila jaitsi gabe eta errebotearen jabe eginaz erasokor mantendu ziren, saskiratze azkarrei uko egin gabe eta baloia ongi mugituz. Etxeko taldeak eraso azkarrak planteatu zituen, hiruko jaurtiketa azkarrak bilatuz, baina ez zuten gehiegi asmatu eta zarauztarrek 10 puntuko aldearen gainetik mantendu zuten markagailua azken laurdeneko minutuetan zehar, garaipena eta "basket-average" garrantzitsua eskuratuz, 58-71.

Lau partiduren faltan garaipen bakarrera dute zarauztarrek Mondragon Unibertsitatea, salbazioaren muga markatzen duen taldea. Lau partidu horietako helburua argi dago, arrasatearrek baino partidu bat gehiago irabaztea. Lau horietatik bi Aritzbatalden jokatuko dira. Inoiz baino gehiago harmailak bete eta taldea babestu behar dugu. Argi geneukan taldeak ez zuela amore emango eta hori erakutsi digu orain arte. Orain arte ez badiguzue huts egin, azkeneko txanpan zuen laguntza ezinbestekoa izango da. Hasteko igandeaan 18:30etan Megacalzado Ardoi dugu bisitari Aritzbatalden! Ez huts egin! #huhaulacia