Berriak

2017-03-24

Azken esfortzua!

EBA Ligako azken txanpari, azken bost partiduei ekingo die Ulacia Grupo asteburu honetan bertan. Maila mantentzeko atzerako kontaketa honetan lehen geralekua Arrasate izango da. Bertan jokatuko dute Goar Artetxeren mutilek arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Final kutsuko partidua, sailkapenean jaitsiera eta mantentzeko postuak markatzen dute bi taldeen artean norgehiagoka. Garaipena lortzeak aurrerapauso oso garrantzitsu bat ematea ekarriko du berekin.

Denboraldiaren azkeneko txanpan murgilduta gabiltza. Helburuei begira jarri eta horiengatik azkeneko borroka egiteko momentua iritsi da. Bost jardunaldi falta dira, baina Ulacia Grupok ez du bere azken hitza esan oraindik. Burura datorkigu iazkoan zarauztarrek lortutako balentria, denboraldiko azkeneko jaurtiketan lortu zuten salbazioa, denek hiltzat ematen zituztenean azken txanpa ikusgarri bat burutu eta maila mantentzea lortu zuten orduan Iñaki Jimenezek zuzentzen zituen mutilak.

Aurtengoan ere ez dugu etsiko, edozer dugula posible erakutsiko dugu falta zaizkigun bost partiduetan. Denboraldi gorabeheratsua, aho zapore gazi-gozoa utzi duena orain arte, baina hori albo batera utzi eta momentu askotan taldeak erakutsi duen joko maila onean konfiantza izan dezagun, taldearen izaera eta borrokan sinetsi dezagun, babestu dezagun taldea azken txanpan eta lor dezagun guztion artean helburua gauzatzea, maila mantentzeko erronka errealitate bihurtzea, denon artean errazagoa izango baita.

Bi garaipen daude Ulacia Grupo eta Mondragon Unibertsitatearen artean. Bi taldeek markatzen dituzte jaitsiera ta salbazioko postuak. Zarauztarrek garaipena behar dute tarte hori porrot bakarrean uzteko ligako amaitzeko lau partiduren faltan eta horren bila aterako dira lehen minututik. Goar Artetxek uste du behar horrek bultzada emango diola taldeari: “Taldea oso mentalizatua dago maila mantentzeko partidu hau irabazi behar dugulako. HIL ala BIZIKO partidua da guretzat. Irabaziz gero aukerak izango ditugu maila mantentzeko, galduz gero, balentria egin beharko genuke azkeneko lau partiduetan. Irabazteko behar horrek taldeari bultzada txiki bat emango diola pentsatzen dut”.

Aurkariari dagokionean aspaldi eta ondo ezagutzen duten taldea dela Mondragon Unibertsitatea esan digu entrenatzaile tolosarrak: “Mondragon Unibertsitatea aspalditik ezagutzen dugu, azken urteetan beraien aurka jokatzea egokitu zaigu eta elkar ondo ezagutzen dugu. Ez dituzte jokalari garaiak, baina oso dinamikoak dira zelaian. Gauza desberdin asko egiteko gai direa eta horrek zaildu egiten du beraien jokoa gelditzeak. Dinamika txar batean sartuta daude, azkeneko partiduak galdu dituzte eta aurretik duten egutegia ere ez da xamurra, beraz, beraientzat ere hil ala biziko partidua. Imanol Ceciagak ondo gidatzen du taldea, Arejolaleiba anaiak trebeak dira kanpoko jaurtiketetan eta Andoni Aranzabal eta Martxel Balantzategi posizio desberdinetan jokatu dezakete. Barrutik Saez de Cortazar esku ona duen pibota da eta Diosdado oso fisikoa da. Talde konpaktoa”.

Hila ala biziko lehia honetatik garaile irteteko ezinbestekotzat jotzen ditu defentsako errebotea eta hiruko jaurtiketak: “Defentsako errebotea ondo zaindu behar dugu, beraien hiruko jaurtiketen portzentaia jeitsi eta partiduaren erritmoa eramatea ezinbestekoak izango dira garaipena eskuratzeko. Arlo psikologikoak ere bere garrantzia izango du, tentsio handiko partidua izango baita”.

Ulacia Grupok entrenamenduetan burutzen ari den lan bikaina zelairatzeko asmo sendoarekin joango da igandean Arrasatera, garaipena eskuratu eta salbazioaren lehian aurrera urrats bat emateko gogoarekin. Edozer dugulako posible, goazen garaipenaren bila! #huhaulacia