Berriak

2017-03-14

Sei final, sei partidu, helburua gauzatzeko

Porrot mingarria jaso zuen igandean Ulacia Grupok. Universidad de Valladolid taldeak bisitatzen zuen Aritzbatalde, ligako sentsazioetariko bat orain arte. Lehen minututik nagusi izan ziren Valladolidekoak eta azkenean garaipen garbi batekin itzuli ziren etxera, 59-85.

Ligako lehenengo bi sailkatuen aurka jarraian jokatu eta bi porrot jaso ostean, bere ligako partidu bati egiten zion aurre igandean Ulacia Grupok. Universidad de Valladolid taldea zetorren bisitari Aritzbataldera. Sentsazio onekin iristen ziren zarauztarrak, bi porrot jaso arren momentu askotan maila ona erakutsita, garaipena eskuratzeko asmoarekin iristen ziren partidura Goar Artetxeren mutilak.

Aurrean Universidad de Valladolid taldea, ordu arte jokatutako 19 jardunaldietan ligako sentsazioetako bat izandako taldea, maila ona, joko bizia, joko alaia, baina Ulacia Gruporen ligako taldea. Garaipena eskuratzea garrantzitsua zen maila mantentzeko lehia horretan bizi mantentzeko eta azkeneko 6 partiduei itxaropenarekin begiratzeko.

Minutuko isilunearekin hasi zen partidua, atzo zendu baitzen Joxe Mari Gurrutxaga, ZASTeko kide maitatua den Iker Gurrutxagaren aita. Hitz hauekin bidaldu nahi diogu gure dolumina Iker eta bere sendi guztiari. Goian bego Joxe Mari!

Lehenengo laurdena duda mudatan hasi zuten bi taldeek. Ez zen joko garbirik ikusten zelaian, baina duda horien artean, Universidad de Valladolidek ideiak argiagoak zituen, lasaiago zelairatu zen, horretan laguntzen zien sailkapeneko postu lasaiak. Alejandro Pescador izan zen Valladolideko jokalaririk garrantzitsuena lehen minutuetan, zarauztarren baloi galduak ondo baliatu zituen, trantsizio azkarren bitartez puntuak pilatuz. Ulacia Grupok saskipean egiten zuen min batez ere Aitzol Eguskiza, Bingen Eceiza eta Mikel Ibargurenen lan onari esker. Piboten lanari Julen Egañaren lana batu zitzaion. Baina zarauztarrek baloiak galtzen jarraitu eta horietaz baliatu ziren Valladolidekoak aldea handitzen joateko. Goar Artetxeren mutilek ere ez ziren fin ibili saskiratzeetan, jaurtiketa errazaka huts eginda. Lehen laurdenaren amaieran, 17-26.

Bigarren laurdena Estanis Andresen jaurtiketa batekin hasi zen, bazirudien zarauztarrak beste energia batekin zelairatu zirela. Baina beste bi baloi galdu eta horietaz baliatu zen Universidad de Valladolid taldea tranrsizio azkarren bitartez 11 puntura luzatzeko markagailuko aldea, 19-30. Baina orduan zarauztarren susperraldia etorri zen eta 5-0ko partzialarekin 24-30ra murriztu zuten aldea. Bosgarren minutua zen eta hortik amaiera bitarte Ulacia Grupok ez zuen puntu bakar bat ere saskiratzea lortu, Universidad de Valladolidek 0-13ko partzialarekin itxi zuen laurdena, 24-43. Aurpegi ilunekin hartu zuten aldageletarako bidea zarauztarrek, baina 20 minutu ziuzten aurretik eta oraindik ez zuten azkeneko hitza esan.

Hirugarren laurdena beste energia, beste intentsitate batekin hasi zuten Ulacia Grupoko jokalariek. Valladolideko defentsa erasokorrago erasotzen hasi ziren, agresibitate puntua igo eta saskirako bidea indartsu bilatzen hasi ziren zarauztarrak, baloi galtze kopurua murriztuz ere. Partiduko laugarren minuturako aldea sei puntuan murriztea lortu zuten, 34-47. Hortik aurrera kolpeka aritu ziren bi taldeak, Ulacia Gruporen saskiratze bakoitza erantzuten zuen Universidad de Valladolidek. Zarauztarrak finago aritu ziren saskira begira, baina Valladolidekoek edozein saskiratze erantzuten zuen. Laurden amaieran 46-58. Dena zen posible azkeneko hamar minutuetan.

Universidad de Valladolidek argi utzi zuen laugarren laurdenaren lehen minutuetan ez zuela garaipena eskuetatik ihes egiten utziko. 0-5ko partzialarekin ekin zioten azken laurdenari, Unai Eizagirrek hautsi zuen partziala, baina azkar jaso zuen erantzuna. 3. minutuan 50-65koa erakusten zuen markagailuak. Momentu horretan Estanis Andresek teknika bat jaso eta hori baliatu zuten Valladolidekoek partidua apurtzeko. 5. minutuan aldea 21 puntura luzatu zuten, 50-71. Hortik aurrera ez zuen istorio handirik izan partiduak, Universidad de Valladolidek ez zuen amore eman eta 9-14ko partzialarekin amaituta, 59-85 amaitu zen partidua.

Porrot mingarria, latza, emandako itxurak uzten duen aho zapore gaziarekin. Baina horrelako egoeretatik altxatzen badakigula argi utzi dugu beste hainbatetan. Sei final, sei partidu geratzen dira denboraldia amaitzeko, EBA ligari amaiera emateko. Azken segundu arte, azken jaurtiketa arte borrokan jarraituko du Ulacia Grupok eta denon artean maila mantentzea lortuko dugu! Jarrai dezagun lanean! #huhaulacia