2010-05-10 12:51:49

LG 57-83: Liderraren Garaipena

Bidebietan, Easo Haitza 57 - Zarautz Zast 83 

2-0 kanporaketan, espero bezala. ZORIONAK KADETEEI, eta zorionak ere EASOkoei, oso aurkari serioa izan baitira (animo Alonso, Da Silva eta Salas). Oso serio, halaber, Joanes eta bere jokalariak bigarren kanporaketa honetan.

LG 57-83 modeloaren ezaugarriak 

Teknologia: Xabier, Bingen, Mikel, Roman, Andoni, Telmo, Iñaki, Iñigo G., Iñigo R. eta Unairen saskibaloi baliabideez hornitua.

Funtzioak: hirukoak (2), txapelak (2) eta erreboteak [bi funtzio: erasoan (7) eta defentsan (27)]. 

Aplikazioak: zonako defentsa, buruz buruzkoa, baloi lapurreta, kontraerasoa, asistentziak…eta Gipuzkoako Txapelketako 4ko Finalean egoteko behar direnak. 

Agenda: hurrengo partida, Gipuzkoako 4ko Finalean 

Pantaila: egia esan, gaurko saskibaloian gutxitan ikusten da figura hori. 

Bluetooth: Zast Sistemaren bidez, jokalarien arteko loturak eta jokaldiak erraz gauzatzeko (base-pibot; hegala-pibot…). Edozein kantxatan erabilgarria. 

Kalkulagailu multifuntzioa: Mikel Usandizaga (7), Xabier Aramendi (24), Iñigo Ruiz (13), Unai Zuriarrain (13) eta Telmo Iruretagoiena (4) – hasierakoa -; Bingen Ezeiza (6), Andoni Esnal (4), Roman Goya (2), Iñigo Garmendia (10). 

Giroa: ohi baino zaletu gehiago Bidebietako kaiolan, eta sakelako telefono bat jokoan (zorionak irabazleari; benetan zaila jokalaria aukeratzea). Erabateko kiroltasuna jokalarien artean eta kiroldegia pil-pilean (arbitroak jokoa eten eta haizagailua pizteko eskatu du). Guraso asko, baina donostiarrak nagusi, bozgorailu eta guzti. AURTEN ERE GIPUZKOAKO 4-KO FINALERA. ZORIONAK JOANESEN KADETEI!

3 iruzkin

2010-04-25 20:40:43

1-0 kanporaketan

Antoniano behean, Zarautz Zast 63 – Easo Haitza 58

Estatistika alde zeukaten kadeteek, baina askotan gezurtia izaten da estatistika; gainera, Easoren aurka jokatuta, edozer gauza gerta zitekeen. Eta halaxe izan zen, estu eta larri ibili ziren, aurreko partidan baino areago. Larritasunak gorabehera, aldeko emaitzarekin bukatu zen kanporaketako lehen partida. Zerbait onik aipatzekotan, jokalari guztiek saskiratu zutela. 

1. zatia. Gaizki hasi ziren bi taldeak eta lehenengo minutuetan ez zen saskiratzerik izan. Bitartean, Usanek bi falta egin zituen segituan, bi taldeen defentsak gogorrak baitziren. Erreboteak Bingenentzat, Romanek lagunduta. Horri esker, 11-9 (+2). 

2. zatia. Defentsan oso ondo hasi ziren, baina baloia ez zen sartzen erasoetan. Hori zela eta, pertsonal asko metatu zituzten zarauztarrek laurden horretan. Horrekin batera, pase batzuk galdu erasoan eta teknika bat bankilloari (Garmendia). Aipatzekoak, Unairen 3ko bat eta Ruizen txapel bat. Donostiarrek saskian gehiago asmatu zutenez, 26-31 (-7). 

3. zatia. Egundoko hasiera erasoan eta defentsan eta Easokoak erabat gaindituta. Bingenek 5 errebote eta txapel bat. Ruizek 5 puntu ia segidan eta Usanek 2 saskiratze ikusgarri. Halatan, behar lukeen bidetik joan zen laurdena 45-40 (+10). 

4. zatia. Aurreko zatia bukatu zen bide beretik hasi zen azkena: Ucinen buelta erdi ikusgarri bat hasteko. Usanek baloi bat lapurtu aurkariaren eskuetatik, Aramendik ere beste bat eta saskiratu, Usanen sarrera bat… eta teknika Xabierri. Taldea baserik gabe laurdenaren erdi aldera eta estuasunak. Romanen sarrera ikusgarri bat eta Unairen txapel bat amaieran, 63-57 (+1). 

Saskiratzaileak: Mikel Usandizaga (7), Bingen Ezeiza (6), Iñigo Ruiz (7), Iñigo Garmendia (2) eta Telmo Iruretagoiena (10) -hasierako bostekoa-, Xabier Aramendi (10), Andoni Esnal (6), Roman Goya (3), Unai Zurriarain (9), Iñaki Ucin (3). 

Giroa: ohi baino zaletu gehiago kaiolan, juniorrak eta infantilak (neska-mutilak), besteak beste. Bi taldeen guraso asko. Bina teknika gure kontra azken partidetan, asko dira eta hurrengoetarako zuzendu beharko litzateke.

Amaitzeko ZORIONAK DAN-EN INFANTIL NESKEI, Gipuzkoako txapeldunak izan baitira.  

Tabi

0 iruzkin

2010-04-19 07:59:30

TAKE it easy (lasai hartu)

 Tolosan, TAKE 59 - Zarautz Zast 66      

Eagles taldearen kantak dioenaren kontra, zatika urduritasuna erakutsi zuten Zarauzko Arranoek, eta espero ez zen emozioa erantsi zioten Usabalen TAKEren aurka jokatutako partidari. Nahitaez irabazi beharreko partida zen, Gipuzkoako Txapelketarako bidean ondo kokatuta egoteko, eta irabazi egin zuten. Hala ere bi aurpegi erakutsi zituzten zarauztarrek. Lehenengo zatian nagusi izan ziren, baina atsedenaldia eta gero, zeukaten errentaren zati bat xahutzea erabaki zuten (une batean 1 behera jarri ziren). 

1. zatia. Oso ondo hasi ziren zarauztarrak, mugimendu onak eginez eta nagusi erreboteetan. Joko alaia erakutsi zuten, taktikoki ondo eta serio defentsan: Iñigo Ruizek 3ko bat, Aramendik dena sartu kanpoko jaurtiketetan, Mikel Usandizagak baloiak lapurtu… eta hau guztia, Iñigo Garmendia tarte batez base arituta. Horren ondorioz, 22-14 (+8) Josuneren paperezkoan (elektronikorik ez zegoen). 

2. zatia. Gaizki hasi ziren, bi baloi galdu, defentsan okerrago eta teknika Munantxori (zorrotzegi epailea). Zonako defentsa serio batek buelta eman zion larrialdiari: Xabier Aramendik baloiak lapurtu, Bingen Ezeiza (oraingo honetan bere ohiko postuan) nagusi zonan eta piboten mugimendu politak (Bingen-Unai Zuriarrain) tolosarren zonako defentsari erasotzeko. Amaieran, 11 puntuko aldea (+3).  

3. zatia. Erasoan asmatu ezinik hasi ziren, baina errebotean nagusi zirenez, ez zen aldaketa handirik izan markagailuan hasieran. Geroago, ordea, tolosarrek zona gainditu, eta 11 puntuko aldea desegin zuten zarauztarren eraso kaskarren laguntzaz. Gainera, halako batean, Zarauztarrek baloi bat lapurtu eta TAKEkoen uztai aldera kontraerasoa egiten ari zirela… jokaldia bertan behera utzi zuten epaileek: teknika Joanesi. Zarauztarren zaletuak, hau da, gurasoak, desesperatuta zeudenean, Aramendiren 3ko batek eta Usanen beste batek lasaitasuna ekarri zuten. Tartean, Mikel Usandizagaren palmeo bat. Bukaeran, 8 puntuko aldea (-3). 

4. zatia. ZASTekoen zonak ez zituen galarazi aurkarien 3ko jaurtiketak eta 3 sartu zituzten. Gainerakoan, tuya-mía bat izan zen 4.zatia; aipatzekoa Munantxo agertu zela erreboteetan eta azken posesioetan baloi bat lapurtu zuela. Kronika hau idazten duenak ez zuen gauza askorik jaso, beste eskuan telefono-kronometroa ere erabili behar zuelako, zarauztarrek zeukaten aldeari eusteko denborarik ote zegoen jakiteko. Amaieran, 7 gora (-1). 

Saskiratzaileak: Xabier Aramendi (32)  

Giroa: 20 ºC eta hego-ekialdeko haizea. Herrialdeko hainbat tokitatik (Hernani eta Azpeitia) etorritako behatzaileak ikusi genituen gradan tolosarrei animatuz. Zarauztarren penya-ren aldetik, ohiko kantikoak. Epaileak zorrotzegiak zarauztarrekin.

Esan bezala, Gipuzkoako finalerako sailkatze bidean daude, eta finalera iristeko, Arrasateko MU taldeari irabazi beharko zaio. Horretarako, serio eta gogotsu heldu behar partidari, zeren Lao Tse-k esaten duen bezala, “urrats luzeak egiten dituenak ezin ibili. 1.000 miliako ibilaldia lehen urratsetik hasten da”. Beraz, pausoz pauso eta oreka galdu gabe segi dezatela kadeteek. Tabi

0 iruzkin

2010-03-28 22:14:06

Bingen basea izan zenekoa

Antoniano goian, ZARAUTZ ZAST KADETEAK 92 – BKL 48  

Tramite hutsa behar zuen zarauztarrentzat, baina multzo horretan gertatu diren azken ezustekoak ikusita eta estraineko aldiz goiko kantxan jokatuta...batek zekien!. Aurrean zuten taldea altuerarik gabea zen eta errebotean zarauztarrak nagusi izango zirela aurreikusten zen. Hala izan zen. 

1. zatia. Ezohiko kantxan jokatzeagatik edo, jaurtiketetan erabat asmatu zuten, bi hiruko eta guzti (Usan Bolt & Ruiz). 25-15 bukatu zen. Aipatzekoa aldaketa garaian boskote osoa aldatu zuela Sir Joanesek, ez gaizki ari zirelako, probak egiteko baizik, seguru aski. 

2. zatia. Antzera joan zen bigarren zatia, baina makalago defentsan eta jaurtikitetan, oraingo honetan. Beasaindarrek kontraeraso erraz batzuk egin zituzten eta beren bigarren hirukoa sartu. Hala ere, aldea handitu zuten Zastekoek (+10). 

3. zatia. Modu berean ibili ziren. Nagusi erreboteetan, aldea handitu zuten berriz ere (+14), nahiz eta BKL-koek beren hirugarren hirukoa saskiratu. Usanek, Bolt baino azkarragoa, pare bat baloi lapurtu zuen.  

4. zatia. Bi nobedade azken zatian. Gurasoak basea nor izango ote zen elkarri galdezka ari zirenean (Ucin ote?), erantzuna begi bistan agertu zen (jokalariaren altuerak ere lagundu zuen ondo ikusteko): Bingen Ezeiza. Azken laurden osoan aritu zen base moduan eta proba gainditu zuen. Konplikaziorik gabe eta pase luzeak eginez, +10 gora jarri zuen taldea berriz ere. Usanek, aldiz, Bingenen tokia hartu zuen. Bigarren nobedadea zonako defentsa izan zen. Defentsako desajuste batzuk gorabehera, problemarik gabe joan zen azken zatia. 

Saskiratzeak 

Libreetan, aurrekoetan baino hobeto: % 53. Saskiratzaileak: Iñaki Ucin, 14; Unai Zuriarrain, 12; Xabier Aramendi, 12.  

Giroa 

Bi taldeetako gurasoak eta neska batzuk. Kanpoko marra nabari pasatu zuen baloi bat ez zuten ikusi arbitroek eta horrek sortu zuen guraso zarauztarren aho bateko kexa zaratatsu bakarra. Bisitarien gurasoekiko konfraternizazio lanak, Pelloren esku egon ziren. 

Hurrengo kronikarako, ea Gipuzkoako txapelketarako sailkatzea ondo lotua dagoen eta 1. tokiari eusten diogun oraindik ere. Horretarako, Beasangoei irabazi behar zitzaien eta irabazi egin zaie. Orain, azken oztopoa gainditu behar: Tolosako TAKE. Lortuko al dute?... 

Hau da dena Zarauztik Zast.es-eko irakurleentzat. 
 

Buscató

1 iruzkin